Wikiplaza
AZKUE fundazioaren helburuetariko bat Jakintza Librea bultzatzea da: euskarazko edukiak, hala nola bideoak, irudiak, ikas materialak, datu zientifikoak, historikoak, edo beste edonolakoak libreki banatzea guztien eskura egon daitezen. Ezagutza guztirako sarean libre dagoen tresnarik ezagunena Wikipedia dela esan daiteke. Mundu osoko boluntarioek parte hartzen ari dira beren ezagutza Wikipedian plazaratuz, eta gure hizkuntzan euskaldunok egiten ez badugu, nork egingo du?
Munduko entziklopedia erraldoiena da Wikipedia. Edozein gai kontsultatzeko erreferente saihestezina Interneten. Euskarazko Wikipedia 50.000 artikulu baino gehiago ditu jada. Ez da txantxetarako emaitza orain arte lortutakoa, baina kopuru hori areagotzea lortu nahi dugu, jakina. Helburu hau lortzeko behar zaitugu, ezinbestekoa da guztion elkarlana eta.
Interes desberdinak dituzten pertsonak elkar lotuz, ezagutza eskala handiagoan sor dezakegu. Horretarako, parte-hartze eremuak ezinbestekoak direlakoan gaude eta horregatik, "Wikiplaza" Wiki plataforma jarri dugu martxan. Plataforma berri honetan, gizarte eragile desberdinek eta norbanako guztiek komunitate propioak era ditzazkete eta aldi berean, edozein gairi buruzko wikiak sortzeko aukera izango dute. Esparru desberdinetan lan egiteko oso tresna erabilgarri eta praktikoa izan daitekeela uste dugu. Hortaz, helburua da euskararen alde egiten dugunon artean lan-talde iraunkorrak (komunitateak) eratzea: unibertsitateak, ikastetxeak, euskaltegiak, udaletako eta mankomunitateetako euskara zerbitzuak, elkarteak, enpresak, Munduko euskal komunitatea...
Komunitateek wikiak erabiltzeko aukeraz gain, blogak, foroak eta dokumentu biltegiak sortzeko aukera izango dute.
Eman diezaiogun presentzia zabalagoa eta baliagarritasun handiagoa euskarari sarean, eta ez diezaiogun mugarik jarri gure ezagutzei.
Izan zaitez munduko jakintzaren parte baten idazle, parte hartu AZKUE fundazioko Wikiplaza egitasmoan eta hasi euskara sarean josten gurekin.







