Edukira joan
Azkue Fundazioa aurkeztu da
Azkue Fundazioa


Bizkaiko Foru Aldundia ez ezik, Fundazio berriko patronatuan Bilboko Udala, Euskaltzaindia, Euskal Herriko Unibertsitatea eta Deustuko Unibertsitatea egongo dira.

 
Azaroaren 4ean aurkeztu da AZKUE fundazioa, euskara modu berritzailean, Internet eta teknologia berriak erabiliz, bultzatzeko ekimena. Fundazioaren Patronatuan Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala, Euskaltzaindia, Euskal Herriko Unibertsitatea eta Deustuko Unibertsitatea egongo dira.
 
Euskararen erabilera bultzatzea helburu estrategikoa da AZKUE Fundazioarentzat, eta horretarako, ezinbestekoa da euskara Interneten zabaltzea, sarean komunikatzen baita Bizkaiko gazteria. Fundazio honi esker euskarazko eskaintza interaktiboa areagotzeaz gain, gazteek Interneten egin daitezkeen hainbat ekintza euskaraz egiteko aukera izango dute orain; jolastu, ikasi, hitz egin edota iritziak partekatu, alegia.
 
AZKUE fundazioak dagoeneko martxan zeuden hainbat proiektu bultzatuko ditu, eta beste berri batzuk ere jarriko ditu abian.
 

Wiki Plaza: Wikipediak euskaraz lan egin, ikasi edota kontsultatzeko gunea izatea du helburu. Horretarako, datorren bi urteotan 46.000 sarreratik 70.000 sarrerara pasa nahiko genuke. Gure helburua euskarazko Wikipedian aurki daitezkeen sarrera kopurua areagotzea da, kultura eragile desberdinen arteko harremanak eta sinergiak bultzatuz.

Jakintza librea: AZKUE fundazioak Jakintza librea bultzatu nahi du. Hau da, euskarazko edukiak, hala nola musika, filmak, liburuak, argazkiak, datuak, zientifikoak, historikoak, edo beste edonolakoak libreki banatzea guztien eskura egon daitezen.

Jklik (ikas materiala): AZKUE Fundazioak euskarazko Jklik aplikazioak bildu eta zabalduko dituen gunea sortu nahi du sarean. Euskal irakasleei zuzendutako proiektua. Software honen bitartez irakasleek gai ezberdinak Internet eta ordenagailu bidez emateko aukera izango dute; hizki-sopa, gurutzegramak, testu ariketak edo asmakizunak. Momentu honetan lehenengo eta bigarren zikloan asko erabiltzen den “Clic 3.0” programaren garapena da.

Kaixo Frankie!: Kode librean dagoen jokoa euskaratu dugu eta gainera, Bilbo inguruan jokatzeko aukera izango duzu. Urtxintxa bihurriaren joko interaktiboa da honakoa; Getxo eta Bilboko hainbat gunetan dago kokatua. Jokalariek Frankieri bere bidean lagundu beharko diote, intxaurrak, giltzak eta bidean aurkitzen dituen bestelako elementuak jasoz eta bitartean, oztopoak gaindituz.

XUXEN Bizkaieraz: Dagoeneko martxan dagoen euskara zuzentzailea bizkaierara egokituko dugu.  Bizkaieraz idatzitako testu zuzentzailea da. Helburu nagusia idatzizko bizkaiera estandarra bultzatzea da. Labayru, Eleka eta IXA ikerketa taldeak sortu dute, eta AZKUE fundazioak zabalduko du.

Euskararen Interpretazio Zentroa: Euskararen historia eta aniztasunari buruzko erakusketa elkarreragilea.

Mediategia: Orain arte euskaraz argitaratu den material guztiarekin artxibo multimedia bat osatzea da egitasmo honen xedea.

Unibertsitate liburutegia: Unibertsitateko irakaskuntzan eta ikerkuntzan erabiltzen diren argitalpenen bilduma osatu nahi da.

Geurea jaso eta zabalduz!: Gure hizkuntzaren aniztasuna jasoko duen Ahotsak.com ataria. Besteak beste, bizkaierazko grabaketak jasoko ditu.

Euskara bidaiari: Euskarak munduan duen presentzia bizia mapamundi elkarreragile baten bidez azaldu nahi izan da.

Proiektu hauek eta beste asko eskuragarri egongo dira www.azkuefundazioa.org orrialdean. Webgune hau ere, euskal internauten bateragune izatea nahi da.
 
AZKUE fundazioaren beste xedeetako bat orain arte “Euskararen Etxean” egin den lanari jarraipena ematea da; bertan Mediateka eta Euskararen Interpretazio Zentroa eta euskararekin zerikusia duten elkarteak daude: Topagunea, Mendebalde, Euskal Idazleen Elkartea, Bizkaiko Ikastolen Elkartea eta Ahotsak.com.
 
Aurkezpen ekitaldiak eszenaratze apurtzailea, dinamikoa eta berezia izan zuen, eta Euskalduna Jauregian ospatu zen azaroaren 4ko arratsaldeko 19:30etan. Bertan, AZKUE fundazioaren inguruko bideoa, “Kaixo Frankie” jokoaren erakustaldia, yamakasien showa eta DJ Mimoloco ikusi ziren. Bizkaiko Kultura Diputatuak eta Fundazioko Lehendakaria den Josune Ariztondoz gain Patronatoko kide guztiak (Euskaltzaindiako Presidentea, Bilboko Alkatea eta UPV/EHUko eta Deustuko Erretoreak) hartu zuten parte ekitaldian eta azkenean, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Jose Luis Bilbao Egurenek hitz egin zuen amaiera emateko.
Compartir

Facebook icon

Twitter icon

Logo BFA DFB Logo Bilbao Logo Euskaltzandia Logo Universidad del País Vasco Logo Universidad de Deusto