Jardunaldiei buruzko informazioa Jardunaldiei buruzko informazioa

Euskaltegietako ikasleei zuzendutako ikastaroak eta “Sarea Pil-Pilean” izeneko jarduera nagusiak osatuko dituzte Jakintza Librearen Jardunaldien II. edizioa.

Bi orduko iraupena izango duten ikastaro hauek Bizkaiko Euskaltegi desberdinetako ikasleei zuzenduta daude. Horrela, sarean euskaraz eskuragarri dauden baliabideak aztertu eta erabiltzen irakatsiko da. Besteak beste, bilaketak nola egin, sarean dagoen euskarazko softwarea aztertu eta posta elektronikoa eta gizarte-sareak euskaraz nola erabiltzen diren irakatsiko da. Ikastaroak Azkue fundazioak kudeatzen duen Euskararen Etxeko Mediategian emango dira Martxoaren 21, 22 eta 23an.

“Sarea Pil-Pilean” Jardunaldiei amaiera emateko, Martxoaren 24ko arratsaldeko 18:00-21:00 bitartean,  hiru ekintza desberdin antolatu dira Bilboko Deustuko Unibertsitateko CRAI liburutegian: “Zizka-Mizkak”, “Kontaiguzu zure errezeta” eta “2.0 Pintxoak”.

 “Zizka-Mizkak”-en,  Interneti, teknologiari, euskarari eta ezagutza libreari lotutako 5 egitasmo desberdinen funtsak azalduko dituzte 20 irudi erabiliz eta irudi bakoitzeko 20 segundo izanez. Besteak beste, Berriketan.info, Kaixomaitia.com, Ideateca, Euskaljakintza.com edota Gaztezulo-ko ordezkariek hartuko dute parte.

“Kontaiguzu zure errezeta” ekintzan, World Kafea formatuari jarraituz, ordubeteko dinamika parte-hartzailea jorratuko da , hausnarketa, eztabaida eta ideien ekarpena ahalbidetzeko honako gai honen inguruan:  Zein da euskararen etorkizuna sarean?

Hausnarketa egiteko eta ondorio baliagarriak ateratzeko, hiru galdera hauei erantzuna ematen saiatuko dira parte-hartzaileek:

*Zer egin daiteke gazteenen artean jakintza librea sustatzeko?
*Zer egin dezakete erakundeek interneten euskararen erabilera     normalizatzeko?
*Zer egin dezakegu sarean euskarazko eduki gehiago sortzeko?

Azkenik, eta Jakintza Librearen Jardunaldien II.edizioari bukaera emateko, pintxo batzuk dastatzeko eta iritziak elkartrukatzeko aukera ere izango da “2.0 Pintxoak” ekintzan.



Euskararen Etxean, martxoaren 21ean ospatutako ikastaroan ateratako argazkia. Bilbo Zaharra euskaltegiko ikasleak. 
 

Jardunaldien gaineko infomazioa

Azkue Fundazioak antolatutako jakintza librearen II jardunaldien topaketa nagusia ospatu zen martxoaren 24an Deustuko Unibertsitateko liburutegian. 

 Jakintza librea bultzatzeko jardunaldi hauei amaiera emateko ekitaldi nagusia ospatu zen eta hau, hiru atal ezberdinetan banatuta egon zen.  Lehenengo atala “Zizka-Mizkak” izan zen eta bertan,  Interneti, teknologiari, euskarari eta ezagutza libreari lotutako 5 egitasmo desberdinen funtsak azaldu zituzten haien bultzatzaile izan diren pertsonek. Aurkezpen honetarako 20 irudi bakarrik erabil zitzaketen eta irudi bakoitzeko 20 segundo soilik hitz egin zezaketen. Iruri Knörrek interneteko tendentziak zeintzuk diren eta etorkizunerako zeintzuk aurreikusi diren azaldu zituen, Jon Ordoñezek  euskeraz idazten den egunkari bakarraren, Berriketan.info proiektuaren berri eman zuen eta Iñigo Arandiak, berak sortutako Kaixomaitia.com (euskaldunek euskaraz ligatzeko sortutako lehen internet ataria) aurkeztu zuen. Azkenik, Maite Goñik berak kudeatzen duen “Alez-ale elez-ele” egitasmoaren berri eman zuen eta Igone Fernandez Gaztezuloko ordezkariak, haien webguneko funtzionamendua eta helburuak azaldu zituen. Guztion partaidetza dinamikoa eta hurbilekoa izan zen, eta dudarik gabe, arratsaldeko ekitaldirik arrakastatsuena izan zen. 

 

Adituen iritzi eta gorabeherak entzun eta gero, entzuleon partehartze garaia heldu zen eta horrela eman zitzaion hasiera arratsaldeko programaren bigarren parteari; “Kontaiguzu zure errezeta” atalari hain zuzen ere. Hemen antolatzaileek post-it multzoak banatu zituzten bertara hurbildutakoen artean eta bakoitzak bere ideiak idatzi behar izan zituen hurrengo hiru gai ezberdinen inguruan:

 

 *Zer egin daiteke gazteenen artean jakintza librea sustatzeko?

*Zer egin dezakete erakundeek interneten euskararen erabilera normalizatzeko?

*Zer egin dezakegu sarean euskarazko eduki gehiago sortzeko?

Behin bakoitzak bere ideiak idatzitakoan talde dinamikak bultzatu ziren, partehartzaile ezberdinen artean ideiak elkartrukatuz eta proposatutako denetatik onenak aukeratuz. Aukeratutako hauek, denen aurrean aurkeztu ziren eta arbel batean eskegi ziren ahanzturan eror ez daitezen. Azkenik, “Iñaki Ugarteburu” Wikipedia artikuluen lehiaketaren presentazioa egin zen eta bertan parte hartzeko gonbidapena luzatu zitzaien honetarako prest dauden denei.

 

Baina dena ezin zitekeen lana izan eta bere ideiak eskaini eta gero bertaratutakoek pintxo gozoak dastatzeko aukera izan zuten “Pintxoak 2.0” ekitaldian. Era berean, hitzaldiak eskainitakoekin hitz egiteko aukera egon zen eta teknologia berrien eta euskararen etorkizunaren inguruko iritziak aldatu ziren momentuan sortutako talde ezberdinetan. Ekitaldi arrakastatsua izan zen atzokoa dudarik gabe eta antolatzaileak beraz, pozik geratu ziren lortutako emaitzekin.

 

  Argazkiak:    Flickr (2011-03-24)

 

 

Bideoak:   Aurkezpena (Udane Goikoetxea) 

     Zizka-mizkak

          - Iruri Knörr (Tendentziak interneten)               - Jon Ordoñez (Berriketan.info)

          - Iñigo Arandia (Kaixomaitia.com)                   - Maite Goñi ( Alez ale, elez ele)

          - Igone Fernández ( Gaztezulo. Gazteek, euskara eta internet)


Hamaika TB    

 

Maite Goñik bere aurkezpena bere blogean azaltzen du Alez ale

View more presentations from Maite Goñi